Zuhaitzek ere lagunak dituzte
Aspaldiko udaberri batean, Aldatzen, herri txiki eta polit batean, zuhaitz handi bat bizi zen. Zuhaitzari istorioak kontatzea izugarri gustatzen zitzaion. Hosto berdez josia zegoen eta enborra oso gogorra eta zabala zuen. Adarretan lore moreak eta txorien habiak zituen. Aldatzeko zelai zabal eta belartsu batean bizi zen. Zuhaitz ederra zen.
Egun batean, triste eta asperturik azaldu zen , inork ez zituen bere istorioak entzun nahi. Aldatzeko jendea bere zereginetan murgilduta zebilen eta ez zioten kasurik egiten.
Urteak zeramatzan herrian eta kontu asko zekizkien , baina…
Arratsalde batean, eskola bukatu ondoren,haur batzuk zelaira joan ziren eta zuhaitz aurrean jarri ziren.
—Hemen , zuhaitz honetan egingo dugu txabola—esan zuen batek.
—Bai, leku aproposa da—esan zuten besteek.
Eta horrela , txabola eder bat eraikitzen hasi ziren zuhaitzaren adarren artean. Bukatu zutenean, etxetik hainbat altzari ekarri zituzten : alfonbrak, aulkiak, mahaiak, partxisak…
Zuhaitzak arretaz eta inbidiaz begiratzen zituen haurren joan etorriak.
Arratsalde eguzkitsu batean, haurrak jolasten ari zirela, hizketan hasi zitzaien:
—Nahi al duzue istorio polit bat entzun?—galdetu zien haurrei.
Haurrak , zeharo beldurturik, ez baitzekiten ahotsa nondik zetorren, etxera itzuli ziren ziztu bizian.
Hurrengo egunean, berriro elkartu ziren zelaian.
—Nork hitz egin zuen atzo?—galdetu zuen mutiko batek.
—Ni izan nintzen, zuhaitza —erantzun zuen.
Haurrak zeharo harriturik geratu ziren. Bazakiten , baina horiek kontu zaharrak ziren, herrian, aspaldi, bazegoela hitz egiten zuen zuhaitz bat. Baina horiek zaharren sineskeriak ziren!
—Egia da, zuhaitzak hitz egiten du!—esan zuen beste batek ahoa zabal-zabalik.
Handik aurrera haurrak eta zuhaitza lagun egin ziren. Egunero kontatzen zien istoriotxoren bat eta haurrek arretaz entzuten zituzten .
Hilabeteak pasa ziren eta udara iritsi zen. Haurrak oporretara joan ziren gurasoekin eta zuhaitza bakarrik eta triste geratu zen zelai erdian. Habietako txoriak konturatu ziren eta zelaiko beste animalia eta landareekin bildu ziren. Kardantxiloak hitz egin zuen :
—Lagunok, hainbeste maite dugun zuhaitza oso triste dago. Haurrak oporretara joan dira eta bakarrik sentitzen da. Zerbait egin behar dugu , bestela, tristuraz hil egingo da eta ezin izango ditugu bere adar goxoetan habiak egin.
—Badakit—esan zuen zozoak —. Bananduko gara eta haurrei herrira itzultzeko esango diegu.
Eta horrela egin zuten. Haurrek mezua jaso zuten baina ezin zuten ezer egin. Gurasoekin zeuden eta oporrak amaitu arte han egon behar zuten.
Zer egin zezaketen? Orduan txolarre batek ideia ederra izan zuen :
—Lagunok, zergatik ez dugu zuhaitzaren ondoan beste bat landatzen? Horrela ez da bakarrik sentituko eta kontu kontari arituko da lagun berriarekin.
—Bai ideia bikaina! —esan zuten beste txoriek—Goazen haziak ekartzera.
Birigarro batek pagotxa eder bat aurkitu zuen eta mokoaren laguntzaz , zuhaitz ondoan landatu zuen.
Poliki-poliki, hazia zuhaitz txiki bihurtu zen .Zuhaitz handia pozez txoraturik zegoen.Lagun bat zeukan! Eta bere ondoan egongo zen betiko!
Oporrak bukatu zirenean, haurrak herrira itzuli ziren eta motxilak utzi ondoren, korrika joan ziren zuhaitza ikustera. Ondoan, pago txiki bat zegoen. Zuhaitzak maitasunez begiratzen zion. Haurrek dena ulertu zuten eta ,handik aurrera, arratsaldero, ura ekartzen zuten txikiari emateko, eta istorio ederrak entzuten hasi ziren berriro.
Orain ,Aldatzen zelai erdian bi zuhaitz daude. Itzal ederra ematen dute eta herrira doazen haur guztiak bien inguruan esertzen dira eta arretaz entzuten dituzte istorio zaharrak.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario