Hostoaren bidaiaDuela gutxi, baso txiki batera, udazkena iritsi zen. Hostoak kolorez aldatzen hasi ziren, txoriak , epeltasunaren bila, hego alderantz abiatu ziren, eta animaliak, goxo-goxo, zuloetan gordetzen ziren. Poliki-poliki, hostoak erori ziren eta lurra tapiz marroi batez estali zuten. Hala ere, pago batean, hostotxo batek ez zuen bere zuhaitza utzi nahi eta irmoki oratzen zuen adarra. Egunak pasa ziren eta hostotxoa han jarraitzen zuen, zuhaitzaren adarretik zintzilik, harro eta tente.
Egun batean, ekaitza etorri zen , ekaitz bortitza . Haizeak indarrez jotzen zuen zurrunbiloak sortuz . Halako batean, haize bolada batek pagoaren adarra apurtu zuen, eta hostotxoa basoko errekara erori zen. Beldurtu zen uraren abiadura ikusirik, baina, poliki-poliki, erreka mantsotzen joan zen eta hostotxoa ere lasaitu zen.
Halako batean, zurrunbilo batean, errekaren ondora erori zen . Ezin zuen arnasarik hartu. Bat-batean, arrain bat azaldu zen, eta ,bultzaka, ur azalera eraman zuen.
—Eskerrik asko , arrain, bizia salbatu nauzu —esan zuen hostoak.
—Ez horregatik, errekan beti laguntzeko prest gaude.Aizu, hostotxo—jarraitu zuen arrainak—, nora zoaz?
—Ez dakit —erantzun zion— haize bolada batek hona ekarri nau …
—Zergatik ez gara elkarrekin joaten? Agian, gauza ederrak ezagutuko ditugu!
Hostoa pozik jarri zen eta baietz esan zion. Elkarrekin egingo zuten norabide gabeko bidaia.
Egun batean, urrutian zerbait arraroa ikusi zuten. Urak erabat nahasturik zeuden eta zarata entzuten zen . Arraina aurreratu zen ikertzera : ur jauzia zen. Oso arriskutsua gainera. Arrainak , arriskuaz jabeturik, bere ahoan sartzeko eskatu zion hostoari , hor seguruago egongo zela eta. Baina hostoari ez zion grazia handirik egiten. Ur jauzia geroz eta gertuago zegoen. Birritan pentsatu gabe, arrainak ahoa ireki zuen eta hostoa irentsi zuen. Gero, sekulako jauzia eginez, ur jauziaren bestaldera iritsi zen.
Putzu batean, ur lasaietan, arrainak ahoa ireki zuen eta han azaldu zen hostotxoa erdi zorabiaturik.
—Berriz salbatu nauzu – esan zuen hostoak — asko zor dizut.
Arrainak irribarre bat eginez erantzun zion :
—Ez du axolarik.
Eta hori esanda, bideari ekin zioten.
Egunak zeramatzaten ibaiaren eta ibai bazterraren biztanleen bizimodua eta ohiturak behatzen. Benetan zoragarria zen.
Goiz eder batean, arrainak hostotxoari esan zion :
—Hostotxo, janari bila noa ibai hondora , ez mugitu hemendik.
Eta jauzi bat eginez, ur azpian sartu zen. Hostoa, zintzo-zintzo ur azalean geratu zen ibai ertzetik gertu.
Handik gutxira, untxi bat azaldu zen. Hostoak jakin-minez begiratu zion. Untxia egarriak zegoen eta ura edaten hasi zen bazterreko ura eta lurra nahastuz. Oharkabean, hostoa ere irentsi zuen!! Hau zorigaitza!!
Arraina azaleratu zenean, alde guztietara begiratu zuen. Non zegoen hosto demontrea? Untxiari galdetu zion baina honek ez zekien ezer. Bat batean, untxiaren sabelean hostoa mugitzen hasi zen eta untxiak , jasan ezinik , oka egin zuen eta hor azaldu zen berriro hostotxoa. Animalia guztien sabelak ezagutzen ari zen.
—Barkatu eragozpenak lagunok —esan zuen untxiak— egarri naizenean, ez naiz ezertaz konturatzen. Zer ari zarete hemen? Nora zoazte? —galdetu zuen jendetasunez.
—Ez dakigu —erantzun zion hostoak — zergatik ez zara gurekin etortzen?
Eta horrela, hiru izan zien. Talde ederra osatu zuten.
Ibaia geroz eta mantsoago zihoan eta hasieran baino zabalagoa zen. Untxia , korrika eta saltoka, bazterretik jarraitzen zuen ibaiaren ibilgua.
Arratsalde batean, enborrez eta adarrez egindako hesi batekin topo egin zuten. Inguruan kastor jauna zebilen hara eta hona gelditu gabe.
—Arratsaldeon , kastor jauna, beste aldera igaro nahi dugu eta ez dakigu nondik. Lagunduko gaituzu?—esan zion hostoak.
Eta irribarre gaiztoa eginez , horrela erantzun zion:
—Nola ez, hostotxo, baina lehendabizi , zurekin dagoen arrain hori eman behar didazu. Gaur ez dut ezer jan eta gose naiz.
Hostoak arrainari begiratu zion eta ideia bikaina otu zitzaion. Kastorrarengana abiatu zen eta baietz esan zion :
—Bai, arraina zeurea da, kastor jauna.
Arraina eta untxia harriturik begiratu zioten hostoari.
—Baina, baina, zertan ari da? Esker txarreko halakoa!!
Kastorra hurbildu zen eta arraina eta hostoa berarekin eraman zituen hesiaren puntaraino Arraina dardarka hasi zen :
—Zer egin duzu hostotxo? Hau ezin da horrela bukatu!!
Eta arraina jatera zihoanean, hostoak , zerurantz begiratuz, esan zion kastorrari:
—Zer da hori?
Eta kastorra gora begiratu zuen arreta galduz . Orduan, arrainak atzaparretatik irristatuz, ihes egin zuen hesiaren bestaldera. Hostoak ere salto egin eta bestaldera iritsi zen.
Ibai ertzean , untxia oso urduri zegoen eta ziztu bizian bere lagunekin elkartu zen.
—Hau sustoa!! Ez nuen pentsatzen trikimailua zenik!—esan zuen arnasestuka arrainak—. Ideia bikaina izan da.
Eta hirurek elkar besarkatu zuten.
Hesi gainean ikusi zuten kastorra , etsita zegoen. Negarrez ari zen.
—Ni ez naiz gaiztoa, benetan! —esaten zien besarkatuta zeuden lagunei—. Nik ere lagunak izan nahi ditut! Hemen mundu guztiak gorrotatzen nau!!
Hostoa, untxia eta arraina , elkarri begiratuz, erabaki zuten aukera bat emango ziotela kastorrari .
—Aizu, kastor, gurekin etorri nahi duzu?
—Zalantzarik gabe —erantzun zuen —, eta zin egiten dizuet lagunik zintzoena izango naizela!
Eta irribarre bat agertu zitzaion aurpegian, ostadarra bezain distiratsua.
Hesitik salto egin zuen eta lagunengana hurbildu zen.
Lau ziren. Talde ederra osatzen zuten.
Egunak eta egunak pasa ziren. Zoriontsuak ziren ibaiaren magalean eta lagun asko ezagutu zituzten : txoriak, intsektuak, barraskiloak, kaioak… Kaioek esan zieten itsasotik gertu zeudela.Itsasoa…
Behin batean, ibai ertzean mutil bat eta txakur bat ikusi zuten. Halako batean, mutilak ibaira begiratu zuen esanez :
—Bai hosto polita! Nire bildumarako hartuko dut!
Eta untxia, kastorra eta arrainarekin zihoan hostotxoa hartu eta etxera eraman zuen.Bildumarako!!
Etxera iritsi zenean, mahai gainean utzi zuen eta askaria hartzera joan zen.
Leihoa irekita zegoen eta kaletik haize epela zetorren. Poliki-poliki haizea altxatzen hasi zen eta , halako batean, haize bolada batek hostoa atera zuen gelatik eta itsasoraino eraman zuen.
Arraina, kastorra eta untxia oso triste zeuden.
—Zer egingo dugu orain? —esaten zuten atsekabeturik
Kaio batek eman zien berri ona:
—Lagunok!, Hostotxoa ikusi dut itsasoan, hemendik gertu, Ea, goazen azkar.
Hirurak korrika hasi ziren. Itsasoa… zer zen itsasoa? Aurkitu behar zuten kosta ala kosta.
Ibaiak bukatu zuen bere bidea. Mantso-mantso , isil-isilik, itsasoaren magalean murgildu zen , itsaso urdin , zabala eta amaiezinean.
Kastorra eta arrainak bere lagunaren bila hasi ziren, baina hain handia zen…Untxia itsasertzean geratu zen belarriak tente.
—Aurkitzen duzunean, ez ahaztu nitaz , e? —esan zien urduri.
Ez zen lan erraza izan. Orduak eta orduak eman zituzten lagunaren bila. Azkenean, irla txiki baten arrokan ikusi zuten etzanda.
—Hostotxo! Hostotxo! Hemen gaude! Geu gara! Esan haizeari bultzadatxo bat emateko!
Eta brisak , leunki, itsasoaren ur azalean utzi zuen hostoa . Berehala hurbildu ziren arraina eta kastorra. Berriro elkarrekin!
Hondartzan elkartu ziren laurok. Isilik zeuden. Bazekiten bidaiaren amaiera zela. Ezin zuten itsasoan bizi. Untxiak basora itzuli behar zuen ; kastorrak, hesiak eraiki behar zituen errekan eta arraina, ibaietako arraina zen. Hostoak , berriz, irla txikira joango zen atsedena hartzera eta naturarekin bat egitera.
Ez zuten inoiz ahaztuko elkarrekin pasatakoak. Agian, hurrengo udaberrian, haizearen laguntzaz, berriro elkarrekin egoteko aukera izango zuten.
Eguzkia ostertzetik desagertzen zen bitartean , haize epelak ,goxo_goxo, lau lagunak laztandu zituen.