2010/04/22

2010/04/18

Aditzak

Hemen hizkuntza lantzeko baliogarria izan daiteken dokumentu bat dago. Astelehenean hitz egingo dugu.

2010/04/12

2010/01/25

lorearen zatiak




Loreak:
 Loreetan bi zati nagusi daude arra (polena) eta emea (obarioa). Obarioan polena sartzen denean, fertilizatu egiten da eta haziak sortzen dira.

Ikus ditzagun lehenik lorearen zatiak: azpialdean loreak oinarria du, oina, hosto berde txikiz osatua(sepaloak); honen gainean petaloak, kolore eta forma ezberdinetakoak, eta hauen barruan organo arrak eta emeak  daude.
Organo emean estigma dago eta bertan polena jartzean materia genetikoa estilotik jaisten da, obariora iristen denean obuluak ernaltzen dira. Obuluak helduak daudenean, haziak sortzen dira.
Organo arrek  estanbre izeneko zurtoinak dituzte, eta bertan antena izeneko eta polenez beteriko bola modukoak.

estekak

Elizalde eskolako web orrian sartu nahi baduzu, sakatu hemen.

2010/01/18

Zuhaitzek ere lagunak dituzte
Aspaldiko udaberri batean, Aldatzen, herri txiki eta polit batean, zuhaitz handi bat bizi zen. Zuhaitzari istorioak kontatzea izugarri gustatzen zitzaion. Hosto berdez josia zegoen eta enborra oso gogorra eta zabala zuen. Adarretan lore moreak eta txorien habiak zituen. Aldatzeko zelai zabal eta belartsu batean bizi zen. Zuhaitz ederra zen.
Egun batean, triste eta asperturik azaldu zen , inork ez zituen bere istorioak entzun nahi. Aldatzeko jendea bere zereginetan murgilduta zebilen eta ez zioten kasurik egiten.
Urteak zeramatzan herrian eta kontu asko zekizkien , baina…
Arratsalde batean, eskola bukatu ondoren,haur batzuk zelaira joan ziren eta zuhaitz aurrean jarri ziren.
—Hemen , zuhaitz honetan egingo dugu txabola—esan zuen batek.
—Bai, leku aproposa da—esan zuten besteek.
Eta horrela , txabola eder bat eraikitzen hasi ziren zuhaitzaren adarren artean. Bukatu zutenean, etxetik hainbat altzari ekarri zituzten : alfonbrak, aulkiak, mahaiak, partxisak…
Zuhaitzak arretaz eta inbidiaz begiratzen zituen haurren joan etorriak.
Arratsalde eguzkitsu batean, haurrak jolasten ari zirela, hizketan hasi zitzaien:
—Nahi al duzue istorio polit bat entzun?—galdetu zien haurrei.
Haurrak , zeharo beldurturik, ez baitzekiten ahotsa nondik zetorren, etxera itzuli ziren ziztu bizian.
Hurrengo egunean, berriro elkartu ziren zelaian.
—Nork hitz egin zuen atzo?—galdetu zuen mutiko batek.
—Ni izan nintzen, zuhaitza —erantzun zuen.
Haurrak zeharo harriturik geratu ziren. Bazakiten , baina horiek kontu zaharrak ziren, herrian, aspaldi, bazegoela hitz egiten zuen zuhaitz bat. Baina horiek zaharren sineskeriak ziren!
—Egia da, zuhaitzak hitz egiten du!—esan zuen beste batek ahoa zabal-zabalik.
Handik aurrera haurrak eta zuhaitza lagun egin ziren. Egunero kontatzen zien istoriotxoren bat eta haurrek arretaz entzuten zituzten .
Hilabeteak pasa ziren eta udara iritsi zen. Haurrak oporretara joan ziren gurasoekin eta zuhaitza bakarrik eta triste geratu zen zelai erdian. Habietako txoriak konturatu ziren eta zelaiko beste animalia eta landareekin bildu ziren. Kardantxiloak hitz egin zuen :
—Lagunok, hainbeste maite dugun zuhaitza oso triste dago. Haurrak oporretara joan dira eta bakarrik sentitzen da. Zerbait egin behar dugu , bestela, tristuraz hil egingo da eta ezin izango ditugu bere adar goxoetan habiak egin.
—Badakit—esan zuen zozoak —. Bananduko gara eta haurrei herrira itzultzeko esango diegu.
Eta horrela egin zuten. Haurrek mezua jaso zuten baina ezin zuten ezer egin. Gurasoekin zeuden eta oporrak amaitu arte han egon behar zuten.
Zer egin zezaketen? Orduan txolarre batek ideia ederra izan zuen :
—Lagunok, zergatik ez dugu zuhaitzaren ondoan beste bat landatzen? Horrela ez da bakarrik sentituko eta kontu kontari arituko da lagun berriarekin.
—Bai ideia bikaina! —esan zuten beste txoriek—Goazen haziak ekartzera.
Birigarro batek pagotxa eder bat aurkitu zuen eta mokoaren laguntzaz , zuhaitz ondoan landatu zuen.
Poliki-poliki, hazia zuhaitz txiki bihurtu zen .Zuhaitz handia pozez txoraturik zegoen.Lagun bat zeukan! Eta bere ondoan egongo zen betiko!
Oporrak bukatu zirenean, haurrak herrira itzuli ziren eta motxilak utzi ondoren, korrika joan ziren zuhaitza ikustera. Ondoan, pago txiki bat zegoen. Zuhaitzak maitasunez begiratzen zion. Haurrek dena ulertu zuten eta ,handik aurrera, arratsaldero, ura ekartzen zuten txikiari emateko, eta istorio ederrak entzuten hasi ziren berriro.
Orain ,Aldatzen zelai erdian bi zuhaitz daude. Itzal ederra ematen dute eta herrira doazen haur guztiak bien inguruan esertzen dira eta arretaz entzuten dituzte istorio zaharrak.

6. mailakoen ipuinak

Hilerriko itzala
Bazen behin XV.mendean, Pello izeneko hilerriko zaintzaile bat. Hilerri ondoan bizi zen eta , hain zuzen ere, horregatik aukeratu zuten . Emazteak Ana zuen izena.
Egun batean, mezetara joan zen. Sermoian apaizak esan zuen:”Herri honetan ,orain dela berrogeita hamar urte, sorgin bat bizi zen eta nire anaia sorgindu zuen eskeletoa bihurtuz”.
Pello etxera itzuli zen , baina ezin zuen ideia hura burutik kendu. Gau batean, txakurra paseatzen ari zela, itzal bat ikusi zuen, azkar mugitzen ari zen itzal bat. Bah!—pentsatu zuen—apaiza izango da. Hurrengo egunean apaizarengana joan zen :
—Apaiz jauna, atzo gauean hilerrian egon al zinen?
Apaizak ezetz esan zion. Arratsaldeko meza eman ondoren, etxera abiatu zela .
Pello nahastuta zegoen. Ezin zuen eskeleto sorginduaren irudia burutik kendu.
Gauean, beti bezala, txakurrarekin zihoala, negar batzuk entzun zituen hilerrian. Urdurik baina jakin-minez beterik, lastargi bat hartu zuen eta inguruak miatzen hasi zen.
Halako batean, sekulako sustoa hartu zuen , kanposantuko elizaren eskaileretan kapa beltz batez jantzitako norbait ikusi zuen. Hurbildu zenean, eskeleto bat zela konturatu zen.
—Baina, baina, nor zara zu? Zer ari zara hemen? Ez zara ,bada, apaizaren anaia izango?
—Bai—erantzun zuen eskeletoak ahots kraskatu batez—.Nola dakizu ?
—Lehengo egunean, zure anaiak gertatutakoa kontatu zigun elizan.
—Bai—jarraitu zuen eskeletoak—sorgin hura izugarria zen.
—Zergatik zaude negarrez?—galdetu zion Pellok.
—Zergatik galdetzen didazu? Ez al nauzu ikusten? Oso itsusia naiz , bakarrik sentitzen naiz eta ez dakit sorginkeria nola desegin—esan zuen eskeletoak desesperatutik.
—Ea, goazen, etorri nire etxera eta pentsatuko dugu zerbait—esan zion Pellok.
—Eskerrik asko. Nola duzu izena?
—Nik Pello , eta zuk?
—Ez naiz gogoratzen…
Etxera joan ziren. Pellok gela huts batean sartu zuen eskeletoa.
—Bihar zure anaiarengana joango naiz eta kontatuko diot hemen zaudela.Berak jakingo du egoera hau nola konpondu. Lasai egon.
Hurrengo egunean Pello elizara joan zen. Han zegoen On Joxe Mari elizkizunak prestatzen.
—On Joxe Mari, ez duzu sinistuko baina zure anaia nire etxean dago. Bai, eskeleto bat da. Oso triste dago ez baitaki sorginkeria nola desegin.
Apaiza zur eta lur geratu zen.
—Nire anaia zure etxean dagoela? —esan zuen harriturik—. Goazen azkar.
Etxera iristean, eskeletoak ez zion anaiari aurpegira begiratu nahi.
—Ez begiratu! Munstro bat naiz! Ezin dut horrela bizi!
Ate atzean, dena ikusten , Ana , Pelloren emaztea zegoen.
—Nik badakit sorginkeria nola desegin—esan zien gizonei—. Esaten dudana egiten baduzue, egoera konponduko da.Nire amona sorgin ona zen —jarraitu zuen—, jendea sendatu egiten zuen eta bazekien ere sorginkeri gaiztoei aurre egiten. Hil baino lehen, nire amari luzatu zion sekretua eta amak, niri. Hauxe egin behar duzue: bihar gauean, Aiako Harria joan, Kataxulon intxixuak lotan egongo dira eta sorginak parranda egiten Bianditzen. Orduan, sorginen liburu sekretua lapurtzeko aukera izango duzue.Liburua lapurtu ondoren, etxera etorri eta sorginkeria desegingo dugu.
Hiru gizonak harriturik geratu ziren. Inork ez zekien Anak horrelako ahalmenak zituenik.
Hurrengo egunean , gaueko hamaiketan Aiako Harrirantz abiatu ziren. Anak arrazoia zeukan. Intxixuak lotan zeuden eta sorginen arrastorik ez zegoen. Kontu handiz, eltze baten ondoan zegoen liburua lapurtu , eta herrira itzuli ziren. Gero, elizan sartu ziren. Anak liburua ireki zuen eta eskuak gainean jarririk, hitz ulertezin batzuk esan zituen. Bat-batean, liburutik ke urdina atera zen eta eskeletoa inguratu zuen. Eskeletoa lurrera erori zen . Une batez, isiltasuna nagusitu zen. Poliki-poliki, kea barreiatu zen eta lurrean etzanda apaizaren anaia azaldu zen gizaki bihurtuta. Zutitu zenean, apaiza besarkatu zuen eta ,erabat hunkiturik, esan zuen:
—Eskerrik asko denoi. Pello naiz.
Anak liburua hartu zuen eta laurok etxeko sukaldera abiatu ziren miraria ospatzera.

6. mailakoek egindako ipuina

Hostoaren bidaia

Duela gutxi, baso txiki batera, udazkena iritsi zen. Hostoak kolorez aldatzen hasi ziren, txoriak , epeltasunaren bila, hego alderantz abiatu ziren, eta animaliak, goxo-goxo, zuloetan gordetzen ziren. Poliki-poliki, hostoak erori ziren eta lurra tapiz marroi batez estali zuten. Hala ere, pago batean, hostotxo batek ez zuen bere zuhaitza utzi nahi eta irmoki oratzen zuen adarra. Egunak pasa ziren eta hostotxoa han jarraitzen zuen, zuhaitzaren adarretik zintzilik, harro eta tente.
Egun batean, ekaitza etorri zen , ekaitz bortitza . Haizeak indarrez jotzen zuen zurrunbiloak sortuz . Halako batean, haize bolada batek pagoaren adarra apurtu zuen, eta hostotxoa basoko errekara erori zen. Beldurtu zen uraren abiadura ikusirik, baina, poliki-poliki, erreka mantsotzen joan zen eta hostotxoa ere lasaitu zen.
Halako batean, zurrunbilo batean, errekaren ondora erori zen . Ezin zuen arnasarik hartu. Bat-batean, arrain bat azaldu zen, eta ,bultzaka, ur azalera eraman zuen.
—Eskerrik asko , arrain, bizia salbatu nauzu —esan zuen hostoak.
—Ez horregatik, errekan beti laguntzeko prest gaude.Aizu, hostotxo—jarraitu zuen arrainak—, nora zoaz?
—Ez dakit —erantzun zion— haize bolada batek hona ekarri nau …
—Zergatik ez gara elkarrekin joaten? Agian, gauza ederrak ezagutuko ditugu!
Hostoa pozik jarri zen eta baietz esan zion. Elkarrekin egingo zuten norabide gabeko bidaia.
Egun batean, urrutian zerbait arraroa ikusi zuten. Urak erabat nahasturik zeuden eta zarata entzuten zen . Arraina aurreratu zen ikertzera : ur jauzia zen. Oso arriskutsua gainera. Arrainak , arriskuaz jabeturik, bere ahoan sartzeko eskatu zion hostoari , hor seguruago egongo zela eta. Baina hostoari ez zion grazia handirik egiten. Ur jauzia geroz eta gertuago zegoen. Birritan pentsatu gabe, arrainak ahoa ireki zuen eta hostoa irentsi zuen. Gero, sekulako jauzia eginez, ur jauziaren bestaldera iritsi zen.
Putzu batean, ur lasaietan, arrainak ahoa ireki zuen eta han azaldu zen hostotxoa erdi zorabiaturik.
—Berriz salbatu nauzu – esan zuen hostoak — asko zor dizut.
Arrainak irribarre bat eginez erantzun zion :
—Ez du axolarik.
Eta hori esanda, bideari ekin zioten.
Egunak zeramatzaten ibaiaren eta ibai bazterraren biztanleen bizimodua eta ohiturak behatzen. Benetan zoragarria zen.
Goiz eder batean, arrainak hostotxoari esan zion :
—Hostotxo, janari bila noa ibai hondora , ez mugitu hemendik.
Eta jauzi bat eginez, ur azpian sartu zen. Hostoa, zintzo-zintzo ur azalean geratu zen ibai ertzetik gertu.
Handik gutxira, untxi bat azaldu zen. Hostoak jakin-minez begiratu zion. Untxia egarriak zegoen eta ura edaten hasi zen bazterreko ura eta lurra nahastuz. Oharkabean, hostoa ere irentsi zuen!! Hau zorigaitza!!
Arraina azaleratu zenean, alde guztietara begiratu zuen. Non zegoen hosto demontrea? Untxiari galdetu zion baina honek ez zekien ezer. Bat batean, untxiaren sabelean hostoa mugitzen hasi zen eta untxiak , jasan ezinik , oka egin zuen eta hor azaldu zen berriro hostotxoa. Animalia guztien sabelak ezagutzen ari zen.
—Barkatu eragozpenak lagunok —esan zuen untxiak— egarri naizenean, ez naiz ezertaz konturatzen. Zer ari zarete hemen? Nora zoazte? —galdetu zuen jendetasunez.
—Ez dakigu —erantzun zion hostoak — zergatik ez zara gurekin etortzen?
Eta horrela, hiru izan zien. Talde ederra osatu zuten.
Ibaia geroz eta mantsoago zihoan eta hasieran baino zabalagoa zen. Untxia , korrika eta saltoka, bazterretik jarraitzen zuen ibaiaren ibilgua.
Arratsalde batean, enborrez eta adarrez egindako hesi batekin topo egin zuten. Inguruan kastor jauna zebilen hara eta hona gelditu gabe.
—Arratsaldeon , kastor jauna, beste aldera igaro nahi dugu eta ez dakigu nondik. Lagunduko gaituzu?—esan zion hostoak.
Eta irribarre gaiztoa eginez , horrela erantzun zion:
—Nola ez, hostotxo, baina lehendabizi , zurekin dagoen arrain hori eman behar didazu. Gaur ez dut ezer jan eta gose naiz.
Hostoak arrainari begiratu zion eta ideia bikaina otu zitzaion. Kastorrarengana abiatu zen eta baietz esan zion :
—Bai, arraina zeurea da, kastor jauna.
Arraina eta untxia harriturik begiratu zioten hostoari.
—Baina, baina, zertan ari da? Esker txarreko halakoa!!
Kastorra hurbildu zen eta arraina eta hostoa berarekin eraman zituen hesiaren puntaraino Arraina dardarka hasi zen :
—Zer egin duzu hostotxo? Hau ezin da horrela bukatu!!
Eta arraina jatera zihoanean, hostoak , zerurantz begiratuz, esan zion kastorrari:
—Zer da hori?
Eta kastorra gora begiratu zuen arreta galduz . Orduan, arrainak atzaparretatik irristatuz, ihes egin zuen hesiaren bestaldera. Hostoak ere salto egin eta bestaldera iritsi zen.
Ibai ertzean , untxia oso urduri zegoen eta ziztu bizian bere lagunekin elkartu zen.
—Hau sustoa!! Ez nuen pentsatzen trikimailua zenik!—esan zuen arnasestuka arrainak—. Ideia bikaina izan da.
Eta hirurek elkar besarkatu zuten.
Hesi gainean ikusi zuten kastorra , etsita zegoen. Negarrez ari zen.
—Ni ez naiz gaiztoa, benetan! —esaten zien besarkatuta zeuden lagunei—. Nik ere lagunak izan nahi ditut! Hemen mundu guztiak gorrotatzen nau!!
Hostoa, untxia eta arraina , elkarri begiratuz, erabaki zuten aukera bat emango ziotela kastorrari .
—Aizu, kastor, gurekin etorri nahi duzu?
—Zalantzarik gabe —erantzun zuen —, eta zin egiten dizuet lagunik zintzoena izango naizela!
Eta irribarre bat agertu zitzaion aurpegian, ostadarra bezain distiratsua.
Hesitik salto egin zuen eta lagunengana hurbildu zen.
Lau ziren. Talde ederra osatzen zuten.
Egunak eta egunak pasa ziren. Zoriontsuak ziren ibaiaren magalean eta lagun asko ezagutu zituzten : txoriak, intsektuak, barraskiloak, kaioak… Kaioek esan zieten itsasotik gertu zeudela.Itsasoa…
Behin batean, ibai ertzean mutil bat eta txakur bat ikusi zuten. Halako batean, mutilak ibaira begiratu zuen esanez :
—Bai hosto polita! Nire bildumarako hartuko dut!
Eta untxia, kastorra eta arrainarekin zihoan hostotxoa hartu eta etxera eraman zuen.Bildumarako!!
Etxera iritsi zenean, mahai gainean utzi zuen eta askaria hartzera joan zen.
Leihoa irekita zegoen eta kaletik haize epela zetorren. Poliki-poliki haizea altxatzen hasi zen eta , halako batean, haize bolada batek hostoa atera zuen gelatik eta itsasoraino eraman zuen.
Arraina, kastorra eta untxia oso triste zeuden.
—Zer egingo dugu orain? —esaten zuten atsekabeturik
Kaio batek eman zien berri ona:
—Lagunok!, Hostotxoa ikusi dut itsasoan, hemendik gertu, Ea, goazen azkar.
Hirurak korrika hasi ziren. Itsasoa… zer zen itsasoa? Aurkitu behar zuten kosta ala kosta.
Ibaiak bukatu zuen bere bidea. Mantso-mantso , isil-isilik, itsasoaren magalean murgildu zen , itsaso urdin , zabala eta amaiezinean.
Kastorra eta arrainak bere lagunaren bila hasi ziren, baina hain handia zen…Untxia itsasertzean geratu zen belarriak tente.
—Aurkitzen duzunean, ez ahaztu nitaz , e? —esan zien urduri.
Ez zen lan erraza izan. Orduak eta orduak eman zituzten lagunaren bila. Azkenean, irla txiki baten arrokan ikusi zuten etzanda.
—Hostotxo! Hostotxo! Hemen gaude! Geu gara! Esan haizeari bultzadatxo bat emateko!
Eta brisak , leunki, itsasoaren ur azalean utzi zuen hostoa . Berehala hurbildu ziren arraina eta kastorra. Berriro elkarrekin!
Hondartzan elkartu ziren laurok. Isilik zeuden. Bazekiten bidaiaren amaiera zela. Ezin zuten itsasoan bizi. Untxiak basora itzuli behar zuen ; kastorrak, hesiak eraiki behar zituen errekan eta arraina, ibaietako arraina zen. Hostoak , berriz, irla txikira joango zen atsedena hartzera eta naturarekin bat egitera.
Ez zuten inoiz ahaztuko elkarrekin pasatakoak. Agian, hurrengo udaberrian, haizearen laguntzaz, berriro elkarrekin egoteko aukera izango zuten.
Eguzkia ostertzetik desagertzen zen bitartean , haize epelak ,goxo_goxo, lau lagunak laztandu zituen.

2010/01/14

euskara bizirik



Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako
dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik.